XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta gero bestea. Eta bestea. Eta beste bat gehiago.

Eta azkenik urdai pusketa bat.

Eta ni berari entzun gabe urdaila betetzen saiatzen nintzen bitartean, berak ele-meleka *ele meleka: berriketan ziharduen etengabe.

- Gustora ari haiz, ez? Ikusten diat bai zeinen argala hagoen.

- Ez al daukak ugazabarik? Gizarajoa! Beroak egosita egon behar huen han behean, astoaren ondoan.

- Ez al duk hala? Hitzegin ezak eta ez begiratu horrela, gizon eta niri gizon deitu!, bihotza biguntzen zaidak eta.

- Nahi al duk gehiago? Beno, har ezak, nik baino gehiago behar duala uste diat eta.

- Ai, mekasuen, nork esan behar zuen!.

Eta horrela, pusketaka-pusketaka, berarentzat zeraman guztia jan nuen.

Janaria bukatu zenean, hala zioen: - Ohartu al haiz ezer jan gabe gelditu naizela? begi errukiorrak nire aldetik.

- Bai, jauna, bi sagar bakarrik gelditu zaizkidak buztana mugitu.

- Bi sagar egun guztirako, gizarajo honek! - belarriak mugitu.

Nire aldetik esker onak agertzen saiatzen nintzen.

Oso gizon zintzoa izan behar zuen inondik ezagutu gabe bere janari guztia niri emateko.

Gutxi gelditzen diren bezalako gizona.

Eta neu gehiegi ohartu gabe, laztantsu hurbildu nintzaion.

Gizona hunkitu egin zen; urrutitik nabaritzen zitzaion.

Eta gertatu beharrekoa gertatu zen....

- Begira esan zuen laztantzen ninduen bitartean, heuk nahi baduk, nirekin geldi hintekeela pentsatu diat belarriak zutik nire interesaren seinale bezala.

Baina hori bai, lana egin beharko duk, eta lana ondo egin ere, zeren eta bestela, bidali egingo haut eta inoiz ikusi ez bahindutan bezala.